Sarrera honetan instituzio ezberdinen eskutik eskaintzen ditugun ikastaro eta jardunaldi irekiak eguneratuta aurkeztuko ditugu. …
Innobazio disruptiboa Clay Christensen bere autorearen arabera
Egun Clay Christensen berrikuntzaren inguruko mundu mailako erreferente nagusietako bat dela esan daiteke. Innobazio disruptiboaren kontzeptua lehenengoz erabili zuenak Harvard Business Reviewko elkarrizketa honetan innobazio disruptiboaz hitz egiten digu eta zenbait pasadizo eta istorio kontatzen dizkigu, elkarrizketaren bukeran ikasketa polit bat utziz (Bideoaren iraupena 7m 52s, ingelesez)
Clay Christensen (wikipediako perfila) berrikuntzaren inguruko “guru” ezagunenetako bat da. Bere liburu eta hitzaldietan zehar innobazio disruptiboaren definizio batzuk utzi dizkigu: “pertsona gutxi batzuentzat eskuragarri zen produktu edo zerbitzu bat, berrikuntzaren bidez, baliabide gutxiago dituen jendarte handiago batentzat eskuragarri egiten duen prozesua da”.
Adibide ezagunenetako bat ordenagailua bera da. Hasiera batean garatzeak eta erabiltzen ikasteak denbora eta baliabide handiak eskatzen zituen, miloika dolar ordenagailu bakar bat erabili ahal izateko, eta gaur egun edozein tokitan ikusi ditzakegu mikroprozedora formatu eta mota ezberdinak.
Berritzailearen dilemari buruz ere hitz egiten digu Clay-k. Enpresa edo zuzendari baten egoeran berritzailearen dilema honakoa da: produktu edo zerbitzuan inbertitzen jarraitu merkatu murritz batek erosten jarrai dezan, edo produktu / zerbitzu xumeago bat garatu, merkeagoa eta bezero mota berriek eta anitzek eskuragarriago izan dezaten.
Dilema honen adibide bat Ford kotxe ekoizleak izan zuen: Estatu Batuetako merkatuan Toyota-ren sarrerak ataka horretan jarri zuen Ford; gama altuko kotxe berriak garatzen jarraitu behar zuten beraien bezero naturaletan zentratzeko edo Toyota-rekin lehiatzeko kotxe merkeagoak garatzea komeni zen. Geroago Toyota berak dilema berdina izan du Hyundai eta Kia sartu direnean.
Clay erreferentziazko pertsona batzuk ere aipatzen dizkigu, besteak beste, innobazio disruptiboak Applen izan zuen eragina Steve Jobsek aitortu zuen bezala.
Bukatzeko Clay berak Intel-eko zuzendaria zen Andy Grove-kin izandako elkarrizketa aipatzen du. Elkarrizketa horren ondorioz Clay berak zuen lan egiteko, aholkularitza eskaintzeko eta irakasteko estiloa eta moduak irauli zituen. Andy-k Clay-ri eskatu zion modu labur batean erakus zezala innobazio disruptiboak zer ekarpen edo ondorio ekar ziezazkiokeen Intel berari. Clay berak dioenez, ez zuen Intel ezagutzen, eta beraz Andy-ri pentsatu behar zuena erakutsi ordez, nola pentsatu zezakeen adierazi zion. Horrela Andy-k innobazio disruptiboak Intel-en izan zezakeen eragina ulertu zuen.
Bideoa ikusi ondoren zenbait galderaren inguruan hausnartu dezakegu:
– Norbaiti aholkua ematen diogunean, gure iritzia besterik ez dugu ematen, edo besteari laguntzen diogu beste modu batera edo beste gauza batzuengan pentsatzen?
– Nola sentitu daiteke solaskidea modu batera edo bestera jokatzen dugunean, eta zer ondorio izan dezake horrek erlazioarengan aurrera begira?
– Nola proposatu eta garatu ditzakegu horrelako elkarrizketak gure lantaldeetan?
Azkenik, interes berezia duzuenontzat, REDES telebista saioko erreferentzia uzten dizuegu. Zenbait enpresa adibide agertzen dira eta bukaeran Eduard Punset-ek Curtis Johnson hezkuntza aditua elkarrizketatzen du, hezkuntza sisteman innobazio disruptiboak izan ditzakeen ondorioen inguruan. Bideoa ikusteko egin klik hemen.
This Post Has 0 Comments