Skip to content

Lantalde onenek dituzten 10 jarduera bereizgarri, Daniel Coyle “The Culture Code” liburuaren idazlearen arabera

Daniel Coyle lantaldeen inguruko aditu bat da, eta bereziki gustatzen zaigu, ondo asmatzen duelako bere behaketak lan eredu batera eta jarduera konkretu batzuetara eramatearekin. 

 

The Culture Code” liburuan (gazteleraz bi ediziotan dago “El código de cultura” eta “Cuando las arañas tejen juntas pueden atar a un león”) berak ikertutako lantalde onenen jarduera bereizgarrien berri ematen digu, eta hain zuzen nola egiten duten lantalde horietako arduradunek jarduera horiek elikatzeko eta emaitza onak modu sostengarrian lortzeko.

Danielek honako ezaugarria aurkitu du lantalde onenetan: badirudi hizkuntza propio bat dutela seinale, keinu eta imintzio konkretu batzuekin osatzen dena, eta momentu oro erabiltzen dutena. Nonbait taldeak konpartitzen duen seinale hizkuntza horren helburuak eta emaitzak 3 dira:

  1. SEGURTASUNA eraiki: konfidantza ematen diote batak besteari eten gabe, bata besteari esango baliote bezala “zaude lasai nirekin, ez dut zure interesen aurkako inolako ezer egingo”.
  2. ZAURGARRITASUNA konpartitu: zaurgarritasuna (autoreak ingelesez vulnerability) aurrera egiteko besteen beharra dugula transmititzea da, “ez naiz perfektua”, “ez naiz autosufizientea”, “interdependentea sentitzen naiz, laguntza behar dut eta laguntza emateko prest nago”.
  3. XEDEA konkretatu: lantalde onenek garbi dute zein helburu eta jomuga duten, zertarako egiten duten egiten dutena, zein urrats eman nahi dituzten, zeintzuk diren urrats egokiak eta zeintzuk desegokiak.

 

3 helburu horiek buruan, Daniel Coylek aurkitu duenaren arabera lantalde hauek 10 jarduera bereizgarri dituzte euren egunerokotasunean:

  1. Borobilean, hurbil: lantalde hauek hubil egiten dute lan, batak bestea ikusi dezakeen moduan, eta solasean daudenean oso modu zirkularrean jarduten dute.
  2. Kontaktu bisual sarria: kideen artean begiratzen dira, sarri, kalitatez, modu ireki eta adeitsuan. Gainera denek begiratzen diote elkarri, begiradak ez dira bereziki zentratzen kide jakin batzuengan. Gure hizkuntzak badaki hori, horregatik errespetuari ere “begirune” esaten diogu.
  3. Kontaktu fisikoa: lantalde onenak ukitu egiten dira, espresioaren zentzu onenean, noski. Ekar ukitzen duten keinu eta erritualak dituzte, adibide asko aurki ditzakegu, bostekoa ematen dute, besarkatzen dira,…
  4. Solasaldi motzak maiz: elkarrizketa oso presente dago, interakzio maila haundiko taldeak dira, eta horri esker oso trebeak dira informazioa partekatu eta erreakzionatzeko eta erabakiak hartzeko aukera gehiagorekin.
  5. Denak bat: lantalde hauetan duten aniztasuna gustuko dute, denek onartzen dute talde osoa eta erlazioen orekak zaintzen dituzte. Ez dira filia eta fobia txikietan erortzen, eta kide guztiek bilatzen dituzte interakzioak beste guztiekin.
  6. Ez dute elkar mozten: ondo entzuten dute elkar, ez dira mozten. pazientziaz entzuten diote elkar, eta noski hori lortzeko ere oso labur eta motz aritzen dira, luzatu gabe.
  7. Galdera asko egiten dute: galderei atentzioa jartzen diote, edozein egoeratan erantzun nahi duten galdera zein den oso kontutan hartzen dute, formulatzen eta birformulatzen dute elkarrizketa ondo eramateko.
  8. Kalitatezko entzute mailak: entzute mailak oso altuak dira, kantitate eta kalitatez. Entzuten dakite, entzute irekitzaile eta enpatikoa praktikatzen dute sarri (entzute irekia vs redukzionista, entzute enpatikoa vs epailea), eta besteen iritzi, irizpide eta ideiak integratzen dituzte norberaren jardueran.
  9. Umore eta barreak: umorea sarritan erabiltzen dute, txantxa eta txiste txikiak eginez, bere neurrian noski. Beste taldeak baino irribartsuagoak dira.
  10. Keinu adeitsuak: bereziki adeitsuak dira eta keinu asko dituzte begirunea adierazteko, noski oinarrizko hitz magikoak sarriago erabiltzen dituzte “mesedez”, “milesker”, “barkatu”, “sentitzen dut”, “zorionak”, “bejondeizula” … Gainera batak interesa adierazten diote elkarri, bai profesionalki eta baita pertsonalki ere.

 

Eta bukatzeko, zenbait galdera egin ditzakegu hausnarketarako:

  • Zer moduz zaudete lantaldean 10 jarduera hauei dagokienez?
  • Badago hauen artetik zaindu ahal duzun edo duzuten bat?
  • Hauetako zein proposatu diezaiokezu lantaldeari gehiago zaindu edo praktikatu dezan?

 

abantianBIT honen idazlea:

Ion Uzkudun Amunarriz
abantian-en formatzaile bideratzailea

tel: +34 600 51 40 32
email: iuzkudun@abantian.es
twitter: @ionuzkudun
linkedin: http://www.linkedin.com/in/ionuzkudunabantian/es
www.abantian.es

Ion Uzkudun Amunarriz
Formador Facilitador abantian
Tel: +34 600 51 40 32 | Email: iuzkudun@abantian.es

Back To Top
Search

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra política de cookies.

ACEPTAR
Aviso de cookies